Egiguren: “Zailagoa da talde terrorista bati mugitzeko eskatzea; kasu honetan ETAk eman du pauso hori, ordea”

| 2013/08/23 | Comments (0)

PSE-EEko presidentearen ustez, Espainiako Gobernuari “estatuak inoiz izan duen arazorik larriena ia konponduta” eman zaio, eta positiboki hartu beharrean, “ez ikusiarena egin du”.

 

Ser irratian izan da Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea, eta Euskal Herriko arazo politikoaz galdetu diote. Egigurenen ustez, Mariano Rajoyren gobernuaren ardura da “ETA iraganean uzteko arduraduna”. Egigurenek ziurtatu du ez dakiela datozen hilabeteetan ETAren desarmatzerik izango ote den. “Usteltzen utzi baino, berehala landu beharreko gaia” da ETArena: “Bai ETAk bai gobernuak mugitu beharko lukete. Gertatzen dena da, zailagoa dela talde terrorista bati mugitzeko eskatzea, baina kasu honetan, ETAk eman du pausu hori”.

Bada zerbait Egigureni buruan sartzen ez zaiona: “Gobernuari Espainiak inoiz izan duen arazorik larriena ia konponduta eman zaio, eta albiste onak hainbeste behar dituenean, zerbait positibo bezala erabili beharrean, ez ikusiarena egin du. Oso zaila da hori ulertzea”. Egigurenek adierazi du gauzak “ondo” doazela, baina hori ez dela “politikatik horretan lagundu” dutelako izan.

Badu zertan lan egin Espainiako Gobernuak, Egigurenen ustez, “alde bakarretik, ETAk egin duen bezala”. Euskal presoen gaia da hori: Egigurenentzat presoen urruntzeak “ez du zentzurik”, eta horretaz “jabe da” Espainiako Gobernua, “baina ez du ezer egin, inork ez du ezer salatzen eta ez zaio inori interesatzen”.

Leku “gatazkatsua” izatetik “oasi” izatera pasa da Euskal Herria Egigurenen ustez: “Ziurrenik Estatuko lasaiena da, elkarbizitza gehien dagoena, kalean ibiltzeko lasaitasun gehien ematen duena, politika gehien errespetatzen dutena eta etorkizunean aukera ekonomiko gehien dituena”.

“Ezker Abertzaleak EAJrekin duen zilbor-hestea eten behar du”

“Gutxieneko inteligentzia duen herrialde batek, horrelako egoera batean, buruzagiak libre utziko lituzke, hori delako onena herrialdearentzat”, baieztatu du Egigurenek. Ez da lehen aldia Egigurenek Arnaldo Otegiren askatasuna eskatzen duena, eta beharrezkoa ikusten du, Otegi “Batasunari gustatuko ez zaizkion gauzak esan diezazkiokeen bakarra” delako. Otegi espetxean egotea ez zaio interesatzen “ez Euskal Herriko ezkerrari, ez Espainiari”, Egigurenen arabera.

Izan ere, Egigurenen ustez, Ezker Abertzaleak “EAJri lotuta” jarraitzen du, eta “norbaitek esan behar dio” Ezker Abertzaleari “zilbor-heste hori eten behar” duela. “Biktimismoak amaitu behar du, Bizkaian zentratutako nazionalismoarekin, egun batean independentzia, bestean subiranotasuna eta beste batean erabakitzeko eskubidea eskatzen duena, eta benetako orduan, beti EAJrekin egiten ditu itunak”, adierazi du Egigurenek.

Ezker Abertzaleak behar duen liderrak “ezkerra, ezkerra dela” jakin behar du, “ezkerreko ikuspegi propioarekin”, eta zentzu horretan, etorkizuna “minimo batzuk” eraikiz gero soilik eraiki daitekeela uste du Egigurenek. Gutxieneko horiek elkarbanatu ezean, ez dela akordiorik izango uste du Egigurenek, eta horretarako, Ezker Abertzaleak “asko” aldatu behar du, buruan “eskema abertzale tradizionalak” sartuta dituela uste baitu.

Tags: , , ,

Category: Audioa, Castellano, Euskara

About arnaldo: Arnaldo Otegi Mondragon 1958ko uztailaren 6an Elgoibarren (Gipuzkoa) jaiotako politikari abertzale eta marxista. Arnaldo Otegi Mondragon (Elgóibar, 6 de julio de 1958) es un político de ideología independentista vasca y marxista. Arnaldo Otegi Mondragón (born 6 July 1958) is a Basque politician and spokesman for the Abertzale Basque separatist party Batasuna. In October 2009 he was arrested again for attempting to put Batasuna back together. Arnaldo Otegi est un politique basque, militant indépendantiste basque. Il est le porte-parole de Batasuna. (6 juillet 1958 à Elgoibar). View author profile.

Leave a Reply




If you want a picture to show with your comment, go get a Gravatar.