Otegi: “ Espainiako gobernuak ez du bakerik nahi; nahiago du lehengo eskenatokia”

| 2013/12/20 | Comments (0)

 

Captura de pantalla 2013-10-14 a las 15.15.56

La Jornada egunkarian 2013ko abenduaren 17an argitaratua.

Madrid, abenduaren 16a. Arnaldo Otegi, euskal independentismoaren gidari karismatikoenetarikoa, 2009ko urriaren 16tik dago preso. Logroñon, Errioxan, atxilotuta dagoen arren, euskal gizartearen zati handi batengan eragin politikoa izaten jarraitzen du,harengan ikusten baitu ezker abertzaleak helburu politikoak lortzeko biolentzia alde batera utzi izan eta bide politikoak aukeratu izanaren eragilea. Ondorioz, ETAk 2011ko urriaren 20an behin betiko utzi zuen borroka armatua. Han, kartzelan, komunikatzeko zailtasunak izan arren, etxekoen eta senideen bisitak ezik, beste harremanak debekatu baitizkiote, Otegik La Jornada egindako galdeketa bati erantzun ahal izan dio. ETAren indarkeriaren amaiera behin betikoa eta atzeraezina dela aitortzen du eta ez duela uste Auzitegi Konstituzionalak zigor osoa bete baino lehen askatuko duenik. 55 urte dituen euskal gidaria 2009ko urrian hartu zuten preso ezker abertzaleko beste 10 militantekin batera, legez kanpo zegoen Batasuna berreraikitzeko ahaleginetan zihardutela egotzita.

Entzutegi Nazionalak 10 urteko kartzela-zigorra ezarri zion 2011ko irailean. Handik hilabete batzuetara 6 urte eta erdira jaitsi zion zigorra Auzitegi gorenak. Zigor osoa betetzen badu, 2016ko apirilean utziko dute libre.

 

–       Zer iritzi duzu Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak  Parot dotrinaz eman zuen sententziaz?

–       Epai horrek giza eskubideak bere lekuan uzten ditu, euskal independistei era arbitrarioan eta ezohikoan ezartzen baitzitzaien kartzela-politika. Auzitegi horrek berak erabaki zuen euskal independentismoaren aldeko taldeak ilegalizatzeko ekintzak bermatzea eta ETAk borroka armatuari ekiten zion bitartean nazioarteko komunitateak zenbait eskubide oinarrizkoren aurkako politika murrizgarria bermatuko zuela. Kasu honetan argi utzi die Espainia eta Frantziako gobernuei ETAk indarkeria bere aldetik utzi ondoren, nazioarteak ez dituela onartuko gure Herriaren aurkako salbuespen politikak.

–       Bilduk esan duenez, biktimen  sentimenduak iraindu litzaketen ekitaldiak saihesten ahaleginduko dira. Ados al zaude jarrera horrekin? Elkarren arteko adiskidetzea bultzatzearen aldekoa al zara?

–       Tiempo de luces elkarrizketa-liburuan argi utzi nuen nire jarrera gai honetan. Euskal presoen arazoak gure askatasuna eskatzen duen bezala, aterabide honetan gatazkaren biktima direnei sufrimendu tanta bat ere gehiago ez metatzeko borondateak eta konpromisoak izan behar duela oinarri. Bat nator, beraz, Bilduren jarrera eta iritzi horrekin.

–       Gobernuan dagoen alderdiak Estrasburgoko sententziaren aurka AVTk deitutako manifestaldian parte hartu zuen. Espainiak Europako Giza eskubideen Itunetik alde egitea eskatu zuten han, besteak beste. Zer irizten diozu?

–       PP alderdiak, Zapaterok ( Jose Luis Rodríguez sozialistak) garatu zuen bake prozesuan, estrategia gaiztoa elikatu zuen eta horrexek dauka orain gatibu. PPk biktimen oinazea erabili zuen eta orain haiek lobby indartsu bilakatu dira, sortzeaz aparte gezurrez, faltsukeriaz  eta manipulazioz elikatu zituen eta orain gobernuan daudenen kontra. PP manifestaldi horretan egoteak ez dauka biktimekiko errespetuarekin zerikusirik, helburu bakarra euren arteko barne-oreka berreskuratu eta mantentzea baita.

–       Zein da orain espetxean duzun egoera?

–       Bai ni eta bai nire lagunak ezarritako zigorra betetzen ari gara eta Auzitegi konstituzionalaren erabakiaren zain gaude. Ziur nago askatasunaren aurkako epaia emango duela. Ez digute barkatzen bakearen alde egin genuen apustua.

–       Senideenak ez diren bisitak galerazi dizkizute. Zergatik salbuespeneko neurri hori?

–       Zehatza izateko, duela hilabete batzuk eta baimen bereziz lortu nuen gidari sindikalekin, politikoekin eta eurodiputatuekin egoteko aukera. Horixe da kendu didatena. Izan ere, nola ukatu espainiar estatuan preso politikoak daudela, Logroñoko zein beste leku bateko kartzeletara gidari sindikalak, parlamentariak eta nazioarteko kazetariak bisitan joaten badira? Arazoak estaltzea da, izan ere, errealitatearen beldur direnen estrategia zaharra. Gaur egun inoiz baino argiago dago kapitalismoak, inperialismoak eta autoritarismoak gezurra erabiltzen dutela ahalik eta denbora gehien eta jende gehien narkotizaturik edukitzeko. Zorionez, gainean dugun krisi honek ipurdibistan lagatzen ditu, gero eta gehiago, euren gezur handiak.

–       Zer berri jasotzen duzu espetxean bake-prozesuaren egoeraz?

–       Hurbiletik jarraitzen ditut nire herriko gertaera politiko, sozial eta ekonomikoak; espetxean egoteak dakartzan zailtasunekin, noski. Baina espetxeak, hala nahi badute ere, ezin du pentsamendua lotu, gorputza gatibatzen duen moduan. Beraz, kanpoan bizi direnei analisiak eta proposamenak egiten jarraitzen dut, nire lagunekin batera.

–       Badirudi, gehiengo baten iritziz, bake-prozesuak ez duela atzerabiderik, baina aurrerapen handirik ere egiten ez den sentipena dago. Ados zaude?

–       Zehatza izan nahi nuke egoera honetaz hitz egitean. Lau urte espetxean pasatu eta ETAren adierazpenetik bi urte joan diren honetan, behin betiko erreflexio bat egingo dut: Espainiako gobernuak ez du bakerik nahi, ez du horretan interesik; aurreko egoerara itzuli nahi luke. Izan ere, egoera hartan ETAren indarkeria armatuak barne-etsaia aldarrikatzeko eta bere izaera antidemokratikoa, antisoziala eta autoritarioa ezkutatzeko aukera ematen zion. ETAren indarkeria armaturik gabe, arazo larri bat dauka, gatazkaren muinari, eztabaida politiko errealari, Euskal Herriaren autodeterminaziorako eskubideari ez heltzeko aitzakiarik gabe geratu baita. Eskenatoki hau bideratzea izan da gu espetxean gatibu gauzkan delitoa. Beraz, ez dago bake-prozesurik, estatua bakearen beldur delako; gogorra dirudi hala esanda, baina egia hutsa da. Horregatik haren ukaziozko jarrera berak eman beharreko pausoak ( presoak…) eskatzean. Lehenera bueltatu nahi du, era birtualean bada ere. Horregatik ari da ETA ez dela desagertu, behin eta berriz esaten. Estatuaren jokaera hori ulertzen ez badugu, huts egingo dugu analisian eta gure jarraibidean. Estrategiaren aldaketa ekarri zuen bidea bera da oraingoa ere. Estatuak esan eta egiten duena gorabehera, guk geure aldetik jarraitu behar dugu.

–       ETAren su-etena behin betikoa eta atzeraezina dela uste duzu?

–       Bai, hala da.

–       Noz burutuko da ETAren desarmea?

–       Ez dut datak zehazteko moduko informaziorik. Dena den, gatazkaren ondorioen agendan behar du desarmeak eta inplikatutako aldeek burutu behar dute.

–       Zer aldaketa somatu duzu zeuk, onerako zein txarrerako, preso zaudeneko denbora luze honetan?

–       Beno. Kartzelan daramatzadan urteen batuketa eginda, 11 urte beteak ditut eta 12.era noa. Baikorra naiz, barne-barnetik. Baikor kezkatua, akaso. Txarrerako ez dut, beraz, aldaketarik somatu, egia esateko. Onerako, azken lau urteok bide baketsu eta demokratikoen alde egin genuen apustuan bermatzen gaitu, bai ni eta bai nire lagunak. Bagenekien estatuari ez zitzaiola interesatzen eta deserosoa egiten zitzaiola gure bidea eta, lau urte geroago, hori begibistan geratu da. Gauza bat gaineratuko dut: Lau urteko bahiketa legal honek are eta independistago, sozialistago, iraultzaileago, internazionalistago, solidarioago, euskaldunago, toleranteago, prestatuago eta pertsona hobeago egin gaituela. Argi dago espainiar bergizarteratzeak ez duela funtzionatzen.

–       Zer iritzi duzu orain Catalunyan 2014ko azaroaren 9rako erreferendum deialdiarekin ireki den prozesuaz?

–       Catalunyako egoerak Lizarra-Garazi (1998) prozesutik hasita egiten ari garen analisiaren egia eta ziurtasuna argi uzten du: espainiar trantsizioaren ondorengo lurralde eta politiko eredua, zorionez, amaituta dagoela. Ez du ibilbide taktikorik, ez estrategikorik. Orain bi eskenatoki baino ez dira gelditzen: errealitatetik hurbilen dagoenak estatuaren birzentralizazioa aurrikusten du. Guk hobesten dugunak, baina ziurrenik gertatuko ez denak, prozesu demokratiko eraberritzaile bat aurrikusten du, non euskaldunon, kataluniarren eta galiziarren autodeterminazio eskubidea onartuko den. Kataluniarrek, aurrikuspen logikoa eta zuzena eginda, bigarren eskenatoki hori ez ez dela posible izango ikusi dute eta, beraz, euren aldetik independentziaren bidea hautatu dute… Nire ustez, euskaldunok, geure bide-orri propioarekin noski, prisarik gabe baina pausarik ere gabe, haiei bide horretan lagundu behar genieke.

Tags: , ,

Category: Euskara

About arnaldo: Arnaldo Otegi Mondragon 1958ko uztailaren 6an Elgoibarren (Gipuzkoa) jaiotako politikari abertzale eta marxista. Arnaldo Otegi Mondragon (Elgóibar, 6 de julio de 1958) es un político de ideología independentista vasca y marxista. Arnaldo Otegi Mondragón (born 6 July 1958) is a Basque politician and spokesman for the Abertzale Basque separatist party Batasuna. In October 2009 he was arrested again for attempting to put Batasuna back together. Arnaldo Otegi est un politique basque, militant indépendantiste basque. Il est le porte-parole de Batasuna. (6 juillet 1958 à Elgoibar). View author profile.

Leave a Reply




If you want a picture to show with your comment, go get a Gravatar.