Hemen bada posible  

| 2016/07/15 | Comments (3)

2016-07-15 / Arnaldo Otegi – EH Bilduko lehendakarigaia

Hauteskunde gauean Alderdi Popularreko jarraitzaileei «Sí se puede!» oihukatzen entzuteak bi hausnarketatara eraman ninduen. Lehena, Espainiako estatua demokratizatzetik urrun dagoela. Eta bigarrena, Estaturik gabeko Katalunia eta Euskal Herria bezalako nazio zaharretan herritarren demokraziarako eta demokratizaziorako nahiak babes oso zabala jaso duela.

Espetxetik irtetean, estatu honek eta bertan izan diren gobernu ezberdinen politikek pobreziara eraman gaituztela ohartarazi nuen. Are gehiago, indarrean den egitura ekonomiko dekadenteak etorkizunik gabe utzi, aberastasuna sortzea galarazi eta aberastasun horren banaketa justuagoa egitea eragozten digu. Gaur, elite ekonomiko eta politiko batzuek sustatzen duten txirotze intelektualaz ohartarazi nahi nuke; kultura negozio gisa eta politika espektakulu eta arpilatze ekonomikoa egiteko tresna gisa ulertzen dute. Beste barik egoera hau jasan behar izaten jarraitzea ezin da alternatiba izan, ez herri bezala ez eta gizaki bezala ere.

Baina gaur, hau ere nabarmendu nahi nuke: ideologia eta proiektu ezberdinen gainetik, Espainiako gizartearekin alderatuz borondate politiko ezberdindua mantendu du historikoki Euskal Herriak. Eta azken hauteskundeak ez dira salbuespena izan. Espainiako estatuan eta gure nazio zaharretan herritarren mandatu demokratikoa oso bestelakoa izan da, estatukoaren erabat ezberdina, kontrakoa esango nuke. Trantsizioaren ereduaren krisia areagotzen doan heinean, gure gizartea eta estatukoa elkarrengandik urruntzen doaz. Hala ere, baieztapen horrek ez du ukatzen gure gizarteko sektore zabal batzuek gure herrian aldaketa gerta dadin lehenik eta behin Estatuaren konfigurazio politiko eta instituzionalaren aldaketa beharrezko jotzea. Hauteskundeetan izan ditugun emaitza kaxkarrak horren lekuko dira. Baina argi daukat aldaketa hori ez dela gertatu eta gertatzetik ere urrun dagoela.

Estatu honen errealitatearen aurrean gure herriaren potentzialitate sozialak eta politikoak indartu eta garatu egin dira esparru askotan. Baina beste batzuetan, Trantsizioaren berotasunaren babesean «Espainiaren» batasuna beraien dominazio proiektuaren erdigunean jarriz elite ekonomiko eta politiko batzuen kontzentrazioak gure herriaren potentzialitate horiei mugak jartzeaz batera, moztu ere egin ditu. Euskal gizartearen sektore ezberdinek «demokrazia espainiarraren» sorreraz dituzten ikuspuntu desberdinak ere konstante bat dira azken urteetako errelato historikoa egiteko orduan. Lakuako gobernuak torturaz egin duen txostena horren adibide garbia da, eta, elite politiko jakin batzuen interesei erantzun beharrean, errealitatearekin bat datorren errelatoaren eraikuntzari atea ireki beharko lioke. Ezker abertzaleak hartutako erabaki estrategikoak, indarkeria politikoaren amaiera barne, bide horretatik doaz. Baina baita gure jarduerak edota gure partzialtasun etikoak gure herrikideengan eta gizartean sortu zezaketen minaz egin dugun autokritika zintzoa ere. Herritar guztien eskubideak bermatuko dituen herria batera eraikitzea ezinbestekoa da gizarte bezala hobetzeko. Justizia, bake eta demokrazia eszenatoki horrek euskal indar guztien adostasun, babes eta konpromiso irmoak behar ditu. Arlo horretan, guk geuk, arduraz, enpatiaz eta ausardiaz jokatuko dugula hitzematen dugu.

Zoritxarrez, azken urte hauetan guztietan argi ikusi dugu estatu honek ez duela interesik gure arazo nazional eta sozialak baldintza demokratikoetan konpontzeko. Are gehiago, estatu honek argi erakutsi du ez dela gai gure erabakiak errespetatzeko. Horren adibide da fracking-a, etxebizitza edota beste gai batzuekin gure parlamentuek demokratikoki onarturiko ekimen legegileekin gertatu dena.

Hauteskundeetan Erregimenak lorturiko garaipenak agerian utzi du demokratizatze ahalegin orok Iruñean, Gasteizen eta Bartzelonan izango duela epizentroa, eta inolaz ere ez Madrilen. Dinamika sozial eta politikoek ez diote Espainiakoa bezalako estatu zentralista baten errepide «nazionalen» mapari jarraitzen. Baizik eta Euskal Herriko eta Kataluniako herri mugimenduen borrokari eta akordio politikoei. Bi herri horietan gehiengo sozialen kezkak erdigunean kokatzen dituzten herri proiektuak daude martxan.

Gure ustez, herri eta gizarte bezala hobetzeko proposamen onena gure jendearentzat Estatu propio bat eraikitzea da. Gure ustez, balio progresistak dituen gizartea da gurea, areagotuz doan kontzientzia feminista daukana, klima aldaketak dakartzan erronken kontzientzia ere badaukana, eta euskarak bizirik irautea nahi duena. Baina horrek guztiak gure herriaren oraingo eta etorkizuneko beharrizanen erdigunean izango den ekimen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala uztartuko dituen programa zehatz baten beharra dauka. Bere jendea zainduko duen Estatua eraiki nahi dugu. Enplegua, natura, genero berdintasuna eta eskubide sozialak bermatzeaz harago, herritarren kultura maila handituko duen Estatua eraiki nahi dugu. Azken finean, Errepublika duin batean bizitzeko dugun eskubidea aldarrikatu nahi dugu.

Proposatzen dudan bidea ez da erraza eta oztopoz betea dago. Lan hitzarmen kolektiboen gaian Eusko Jaurlaritzak euskal gehiengo sindikalarekiko erakutsi duen sentsibilitaterik eza eta Gure Esku Dago-k antolaturiko herri kontsulten aurrean Podemosek agertu duen jarrera epela, adibidez, ez datoz bat planteatzen ari naizen norabidearekin.

EAJren, Podemosen eta EH Bilduren posizioetatik harago, hiru indar horien eta gizarteko beste eragile guztien konpromisoa behar dugu gure herria impasse egoeratik ateratzeko, aurrerantz egiteko eta mugitzeko. Eta hori guztia era kolektiboan, batera egitearen garrantzia nabarmendu nahi dut. Gure herriaren borondate demokratiko eta demokratizatzailea gure jardun politikoaren erdigunean jarriz. Gure herriak erakutsi duen borondate demokratiko erradikal horrek, nire ustez, burujabetza nazional eta soziala berreskuratzeko bide orria martxan jartzea eskatzen du. Eta borondate demokratiko horrek elkarbizitza demokratikoaren esparruan ukitu gabe dauden gaiak konpontzea ere eskatzen du. Preso, ihesean edota deportaturik dauden gure herrikideen egoera, adibidez.

Bukatzeko, Espainiako Estatuan izan diren azken hauteskundeen emaitzen ondoren gure herrian sumatu dudan inpotentzia eta frustrazioak eragindako etsipen sentimendua nabarmendu nahiko nuke. Begi-bistakoa da aldaketa ez dela posible, baina ebidentzia hori era transbertsal batean hedatu dela esango nuke. Herritar horiei guztiei ere zuzentzen natzaie itxaropena egon badagoela esateko; aldaketa posible dela, aldaketa beharrezkoa dela eta aldaketa hori datorren udazkeneko hauteskundeetan egikaritzen hasi daitekeela esan nahi diet. Hemen posible delako, egin daitekeelako. Burujabetzatik eta ezkerretik.

Tags: , ,

Category: erreflexioak, Euskara

About arnaldo: Arnaldo Otegi Mondragon 1958ko uztailaren 6an Elgoibarren (Gipuzkoa) jaiotako politikari abertzale eta marxista. Arnaldo Otegi Mondragon (Elgóibar, 6 de julio de 1958) es un político de ideología independentista vasca y marxista. Arnaldo Otegi Mondragón (born 6 July 1958) is a Basque politician and spokesman for the Abertzale Basque separatist party Batasuna. In October 2009 he was arrested again for attempting to put Batasuna back together. Arnaldo Otegi est un politique basque, militant indépendantiste basque. Il est le porte-parole de Batasuna. (6 juillet 1958 à Elgoibar). View author profile.

Comments (3)

Trackback URL | Comments RSS Feed

  1. Garbine URRIZOLA ARITZ says:

    Baranaingo Auzolanen zinegotzia

  2. Garbine URRIZOLA ARITZ says:

    Baranaingo Auzolanen zinegotzia

Leave a Reply




If you want a picture to show with your comment, go get a Gravatar.