Bakearen nobel saria eta askatasuna Barghoutirentzat

| 2016/08/20 | Comments (0)

Iritzi artikulua: Arnaldo Otegi

Duela aste gutxi, adiskide dudan eta —beti eskertuko diot hori— nire askatasuna irmotasunez eskatu duen Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel saridunak Marwan Al Barghouti buruzagi palestinarra proposatu du Bakearen Nobel saria jasotzeko hautagai gisa.

Nire aldetik, proposamen hori babestu eta Hadarimgo espetxean giltzapeturik dagoen Marwan Al Barghouti buruzagi palestinarrari Bakearen Nobel saria emateko eskaerarekin bat egiten dut.

Marwan Barghouti 1959ko ekainaren 6an jaio zen, Ramallahtik gertu dagoen Kobar herrian, eta Palestina okupatuan hazi zen. Okupazioak eta haren kontrako borrokak markatu dute bere bizitza. Marwanek kartzelan eman ditu bere bizitzako azken hamaika urteak, baina guztira hamazazpi urte igaro ditu Israelgo espetxeetan. 1978an espetxeratu zuten lehen aldiz, Al-Fatahko kide izatea leporatuta. 1987an, berriz, Israelgo Estatuak bere sorterritik kanporatu zuen, okupazioaren kontrako borroka «bultzatzeagatik». 1994an itzuli zen, Osloko bake akordioen ondoren. 1996an diputatu aukeratu zuten parlamenturako hauteskundeetan, eta 2006ko hauteskunde orokorretan berriz hautatua izan zen, Al-Fatahko zerrendaburua zelarik. 2009an Al-Fatahko Batzorde Zentraleko kide izendatu zuten. Bigarren Intifadan, eta bera hiltzeko bi saiakera izan ostean, Israelgo indar okupatzaileek atxilotu egin zuten, 2002ko apirilaren 15ean. Israelek atxilotu zuen lehen diputatu palestinarra izan zen. Orduz geroztik, beste asko atxilotu ditu. 2004ko ekainaren 6an, bizi osorako bost espetxe zigor eta berrogei urteko espetxealdia ezarri zioten. Bertan izan ziren nazioarteko ikuskatzaile eta ordezkariek epaiketa «show politikotzat» jo zuten epaiketa hura, aho batez. Marwan Barghoutik ez zuen okupatzaileen epaitegiaren zilegitasuna onartu. Bereziki, palestinarrek hautatutako ordezkariak epaitzeko zilegitasuna ukatu zion. Barghoutiri ehun egunez luzatu zen galdeketa egin zioten, eta mila egun baino gehiago eman zituen isolamenduan. Debekaturik zeuzkan senideen bisitak. Gaur egun, emazteak berrogeita bost minutuko bisita bakarra dauka bi asterik behin, eta lau seme-alabek baimen berezia behar dute aita bisitatzeko. Baimen hori bizpahiru urterik behin ematen diete.

Bigarren Intifadan, Marwan Barghoutik garrantzi berezia izan zuen palestinarren borrokan. Israelgo lurraldean israeldar zibilen kontrako erasoak egitearen aurka azaldu zen, eta palestinarrek okupazioari nazioarteko zuzenbidearen arabera aurre egiteko daukaten eskubidea defendatu zuen, gaur egun ere egiten duen bezalaxe. Bakea eta segurtasuna okupazioaren bukaeraren ondorioa izango direla azpimarratu zuen. Marwan Barghouti kolonizazioaren aurkako herri erresistentziaren defendatzaile sutsua da, eta okupazioaren aurrean Israel bakartzearen alde dago. Irmoki babesten du NBEk egin duen eskaintza eta, palestinarrei askatasuna eta justizia bermatzeko eta eskualde horretako herrietara bakea eta segurtasuna ekartzeko alde biko negoziazioen porrota ikusirik, nazioartearen parte-hartze handiagoa eskatu du behin baino gehiagotan.

Espetxetik bertatik, fakzio politiko palestinar ezberdinetako buruzagiek adostutako Presoen arteko Adiskidetze Nazionalerako Dokumentuaren sustatzailea izan zen. Dokumentu hori oinarritzat hartuz, 2007ko otsailean batasun nazionaleko gobernua eratu zuten. Barghoutik behin eta berriz esan du palestinarren arteko adiskidetzeak lehentasuna izan behar duela, eta fakzio palestinar guztiak PAEren plataformaren inguruan batuko dituen ikuspegi inklusibo baten beharra defendatzen du.

Horrela, Marwan Barghoutik bere egiten du palestinarren gehiengo zabalaren eta Israelgo espetxeetan dauden 7.000tik gora presoen nahia: okupazioari amaiera emango dion eta Palestinako herriari berez dagozkion eskubide historikoak itzuliko dizkion bake justu eta iraunkorra lortzea, alegia.

Horregatik guztiagatik, Marwan Barghoutiren askatasunaren aldeko nazioarteko ekimenekin bat egiten dut eta Bakearen Nobel saria berari emateko kanpaina babesten dut idazki honen bitartez.

Tags: , ,

Category: Euskara

About arnaldo: Arnaldo Otegi Mondragon 1958ko uztailaren 6an Elgoibarren (Gipuzkoa) jaiotako politikari abertzale eta marxista. Arnaldo Otegi Mondragon (Elgóibar, 6 de julio de 1958) es un político de ideología independentista vasca y marxista. Arnaldo Otegi Mondragón (born 6 July 1958) is a Basque politician and spokesman for the Abertzale Basque separatist party Batasuna. In October 2009 he was arrested again for attempting to put Batasuna back together. Arnaldo Otegi est un politique basque, militant indépendantiste basque. Il est le porte-parole de Batasuna. (6 juillet 1958 à Elgoibar). View author profile.

Leave a Reply




If you want a picture to show with your comment, go get a Gravatar.