Egiarik gabe ez dago errelato partekaturik

| 2016/11/12 | Comments (0)

Iñigo Urkulluri

Lehendakari;

Zintzoak izanda, zalantza handiak izan ditut zure artikuluari erantzun edo ez. Izan ere, ez dakit irainez eta nahita puztutako zure erreakzioaren atzean zer dagoen: ezker abertzalearen aurka behin eta berriro agertu ohi duzun herra edo kalkulu politikoa; hau da, debate (nire aldetik gaur itxitzat ematen dudana) honi duena baino neurri handiagoa ematea eta zure alderdiarein ditugun elkarrizketak lokaztea. Azken baten, Lehendakari, ez dakit honen guztiaren atzean ez ote dagoen asmo argi bat EH Bildurekin akordioak egiteko ezintasuna ezkutatzeko aitzakia bat edota PSErekin egingo den aliantza errazteko modu bat. Honen guztiaren atzean azken hori dagoela esango nuke: EH Bildurekin akordioak ez egiteko aitzakia eta PSErekin akordioa errazteko bidea. Zertarako? Azken urteetan egin den politika berberekin jarraitzeko eta herri honek arlo nazionalean, sozialean eta bake eta elkarbizitzan aurrera egitea eta jauzi kualitatiboa ematea saihesteko. Azken aliantza hori egiten bada, espero dut zure konpromiso etikoak balio izatea alderdi horrek azaltzeko zer esan nahi zuen Felipe Gonzalezek adierazitako “Euskadin egin genituen gauzak eginda ere papapa” horrek.

Joan gaitezen, baina, debate honen jatorrira. Zer da Radio Euskadin esan nuena? Euskal Herrian ETAk, Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak, talde parapolizialek, inteligentzia zerbitzuek eta Ertzaintzak hil dutela esan nuen. Datu objektiboa eta egiaztagarria baino ez nuen eman, baina Lehendakariari eskandalagarria iruditu zaio. Gezurra al da esan dudana?

Lehendakariak autokritika egin behar dugula esaten duenean, bere errelatua onartzeko esaten digu, beraien esanak bete eta agindutakoa esatea eta pentsatzea eskatzen digu. Garaile eta garaituen eskeman belaunaldi berriei egi osoa ez kontatzea nahi dute. Baina argi diot: egiarik gabe ez dago errelaturik.

Sinetsita nago ezkerreko independentismoak egindako akatsen gaineko autokritika zintzoa egin duela. Nik neuk akats horien erantzukizuna nire gain hartu dut, gure mugimenduaren historiako tarte batean arduradun izan naizen heinean.

Nire komunitateari eta euskal gizarteari modu zintzoan pentsatzen eta sentitzen dudana esan diot beti (eta batzutan garesti ordaindu dut). Baina inork ezin digu eskatu eta ez dute lortuko besteek akatsak guk justifikatzea edo estaltzea, beste aldera begiratzea eta besteen ardurak zuritzea. Ez diegu utziko biktima batzuk gutxiesten dituen eta aitortzen ez dituen errelatua eraikitzen. Eta horrela egin nahi dute dituzten erantzukizunak ez onartzeko; itsu, gor eta mutu jarraitu ahal izateko gertatu diren eta oraindik ere gertatzen diren giza eskubideen zenbait urraketen aurrean (egun Iñigo Cabacasen familia pairatzen ari dena esaterako, edo orain bertan bere bizia arriskatuz errepideetan dauden euskal preso politikoen senideak). Gure herrian izandako sufrimenduan dugun erantzukizuna onartzen dugu, baina horrek ez du esan nahi beste batzuk beren erantzukizunak ez onartzea. Izan badituztelako, eta horiek onartzeko garaia badelako. Ez agrabioen alderaketan oinarritutako errelatoa eraikitzeko, ez erantzukizun penalak eskatzeko (zilegia ere badena). Errelatu inklusiboa eraikitzea da gure helburua, errelatuen, borondateen eta erantzukizun partekatuen batuketa bat. Horren helburua bat eta bakarra da: demokrazian, bakean eta askatasunean oinarritutako etorkizuna eraikitzea. Errelatu bakarraren ideia horrekin ez gaude eta ez gara egongo, Lehendakari, herri honekiko daukagun erantzukizunagatik eta bakearekin eta egiarekin zintzoki konprometituta gaudelako.

Arnaldo Otegi

Tags: , , , ,

Category: Euskara

About arnaldo: Arnaldo Otegi Mondragon 1958ko uztailaren 6an Elgoibarren (Gipuzkoa) jaiotako politikari abertzale eta marxista. Arnaldo Otegi Mondragon (Elgóibar, 6 de julio de 1958) es un político de ideología independentista vasca y marxista. Arnaldo Otegi Mondragón (born 6 July 1958) is a Basque politician and spokesman for the Abertzale Basque separatist party Batasuna. In October 2009 he was arrested again for attempting to put Batasuna back together. Arnaldo Otegi est un politique basque, militant indépendantiste basque. Il est le porte-parole de Batasuna. (6 juillet 1958 à Elgoibar). View author profile.

Leave a Reply




If you want a picture to show with your comment, go get a Gravatar.