Ikasturte politiko berrirako hausnarketak, erronkak eta ekimenak

| 2018/10/07 | Comments (0)

EH Bilduk, Euskal Herriko ezker nazionalak, uste du gure herriak hurrengo urteetan izango duen norabide nazional eta soziala zehaztuko duela ikasturte berriak. Daukagun errealitatea azaltzeaz gainera, beharrezkoa da azaltzea zeintzuk diren aurrean ditugun erronkak eta, batez ere, zeintzuk ekimen garatuko ditugun. Eszenatoki politiko ezegonkorra da, arrisku handiak dituena baina aukerak ere eskaintzen dituena, eta horren aurrean modu eraikitzailean jokatu nahi dugu.

ESTATU, MUNDU ETA EUROPA MAILAKO EGOERA KEZKAGARRIA

Analisi sakonik ez dugu egingo, baina gure ustean, mundu mailako politikan egiturazko joera batzuk daude, eta horiek mundu mailako politikari zeharka eragiten diote, nahiz eta esparru geopolitiko bakoitzean ezaugarri propioak izan:

.- Ia ziurra den krisia, finantza eta ekonomia mailakoa; ezagutu dugun krisiaren hirugarren fasea izango litzateke. Desberdintasun tasa handiak mantentzeak, irabazi handiak izan ahal izateko lan arloan prekarietate eta esplotazio maila handiak izateak, eta merkatuen desregulazioak eta globalizazioak porrot egin izanak beste aukerarik ez dute eskaintzen: ekonomiaren eta finantzen kolapsoa.

.- Autoritarismoaren eta eskuin muturraren hazkundeak joan den mendeko 30. hamarkadan izan ziren parametro sozial, politiko eta ekonomikoetan kokatzen gaituzte (salbuespen guztiak kontuan izanda). Espainiako eta Kataluniako egoera 1934. urtean zegoen egoerarekin parekatu zuen Azkarrek, eta hori, gure ustean, ez da kasualitatea. Horrenbestez, autoritarismoaren eta herri demokraziaren arteko talkak lehen mailako garrantzia izango du hurrengo urteetan.

.- Borroka interkapitalistaren joerak mundu mailako bi erronka handi uzten dizkigu: aldaketa klimatikoarenaurkakoa, bakearen aldekoa edota genero berdintasunaren aldeko borrokak eraldaketarako edozein dinamika baldintzatuko ditu hurrengo hamarkadetan.

Mundu mailako politika zeharkatzen duten egiturazko korronte horiek bere izaera propioa dute Espainiako estatuan. Erregimenaren krisi sakona (78ko erregimenaren krisia) bizi du Espainiako estatuak, hiru aldagai nagusik eragindakoa:

.- Ekonomia eta finantza krisiak agerian utzi zuten Espainiako estatuak ez zeukala ez baliabide ekonomikorik ez eta ibilbide estrategikorik ekonomiaren alorrean. Espainiako estatua kaudimengabea da eta ekonomikoki ez da bideragarria.

.- 1978ko ordenamendu juridikoa hankaz gora jarri du Kataluniako proces-ak. Estatuko arazo nazionalak behin betirako desagertzeko helburua zeukan Konstituzioa eraiki zuen erregimenak eta, 40 urte beranduago, Katalunia, Euskal Herria eta Galiziako herrien borrokaren ondorioz helburu hori ezerezean geratu da.

.- Euskadi Ta Askatasunaren desagerpenaren ondoren, estatuak ez du hain beharrezkoa duen “barneko etsaia”. Etsai komunaren aurka egin beharreko borrokak gizartea“kohesionatua” mantentzea errazten zion. Eskubide zibilak eta politikoak murriztuta eraiki zen estatua, “terrorismoaren aurkako” borrokaren aitzakian. Orain barne-etsai berria behar du estatuak, bere izaera antidemokratikoa eta autoritarioa garai berrietara egokitzeko. Barruko etsai berri hori independentismoa da eta, batez ere, Kataluniako independentismoa.

INBOLUZIO DEMOKRATIKOA, KRISIARI ERANTZUTEKO

Autoritarismoaren eta inboluzio demokratikoaren aldeko apustua elite ekonomikoek eta finantzieroek egiten duten egiturazko apustua da. Ez soilik irabazi handiei eusteko helburuarekin; finantza eta ekonomia krisia berriro datorrela jakin badakite, eta horrek eragingo duen ezinegon sozialari erantzuteko ere egiten dute. Estaturik gabeko nazioetan, gure eskubide sozialen defentsarekin batera, burujabetza nazionala eta herritarra berreskuratzeko lanean jarraitu behar dugu, gure herrien autodefentsarako tresnarik eraginkorrena delako.

Inboluzioaren agenda abian dago Espainiako estatuan. Agenda horrek egoera aztertzean egiten duen analisiaren abiapuntua hauxe da: trantsizioa delakoan eskuzabalegi jokatu zuten nazio historikoekin eta horiek ez dute erantzun behar besteko leialtasunarekin. 78ko akordio horrekin behin betirako alboratu behar ziren gure burujabetza handiagoa lortzeko herrien aldarrikapenak. Horixe zen helburua, baina helburu horrek porrot egin du.

Zalantzarik egin gabe eta konplexu gabe jokatzea erabaki dute orain. Espainiakoa Europa mailako demokrazia da, ez dauka Frankismotik eratorritako konplexurik, eta bere garaian Euskal Herriak, Kataluniak, Galiziak edota Kanarietako herriak bereganatutako botere politikoa berreskuratu behar dute.

Pablo Casadok eta Ciudadanosek ondo baino hobeto islatzen dute inboluzioaren espiritua. Eta, batez ere, inboluzio demokratiko horren agenda zein den hitzez eta ekintzez adierazten dute: 155. artikuluaren ezarpen gogorra, estaturik gabeko nazioetako alderdiak ahultzeko hauteskunde erreforma egitea, independentziaren aldeko alderdien ilegalizazioa, xenofobia, autonomien eskuduntzak berreskuratzea, Hego Euskal Herriko kupoak eta hitzarmen ekonomikoak berrikustea, lan esparruan erreformak egitea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko politikak alboratzea… Horixe da Espainiako estatuan etor daitekeena.

Norbaitek esan diezaguke PSOEk Espainiako Gobernuan jarraitzeko aukera duela. Aukera hori hor dagoela ez dugu zalantzan jarriko, baina ziurtasunez esaten dugu PSOEren gobernuak ez duela 78ko erregimenaren erreforma demokratikorik egingo, estatuaren izaera plurinazionala eta autodeterminazio eskubidea aitortuz. Baina Sanchez jaunak Espainiako gobernuan jarraituta ere, Espainiako estatuan eta Europan politika egiteko eta ulertzeko modu jakin bat albo batera utzi beharko litzatekeela uste dugu. Aurrean ditugun erronkei modu eraginkorrean aurre egin ahal izateko, eta fase historiko honetan, Euskal Herriko ezker independentistak uste du jardun politikoak gainditutzat eman behar duelako aurreko fase hori.

ESTATUAN ETA EUROPAN DITUGUN ERRONKEN AURREAN ZER EGIN

1.- Gure aliantzak indartu eta zabaldu. Batzeak indartsuago egiten gaitu. Europa eta estatua, batuketarako aukera, hauteskundeetan ere bai

Egoeraren azterketak eta aurrean ditugun erronken larritasunak oraindik eta erantzukizun handiagoarekin jokatzera behartzen ditu, guk bezala Euskal Herriko ezker subiranista ordezkatzen duten indar politikoak.

Aurrean ditugun erronkek izaera estrategikoko hausnarketa eskatzen dute, erronka horiei ahalik eta modu eraginkorrenean aurre egin ahal izateko.

Europako eta Espainiako estatuko markoa ulertzeko modua gainditu behar dela uste dugu. Batuketak eta aliantzak egitean, ikuspegi autonomista gainditu eta burujabetzaren ardatza izan behar da nagusi.

Espainiako estatuaren autoritarismoa, oinarrizko eskubide nazionalen eta sozialen ukazioa eta erabakitzeko eskubidea daukagun gure nazio izaerari aurre egiteko eredu politikoaren inposizioa aintzat hartuta, indarrak batzeko aukera baliatu beharko genuke, ahalik eta sinkronizazio handienarekin.

Inboluzio demokratikoa baieztatzen bada, eta gure herrientzat eskaintza politiko hipotetiko bat etorrita ere bai (inoiz ez da nahikoa eta demokratikoa izango), partida politiko hau elkarrekin jokatzea da onena, eta ez bereizita.

Hauxe da burujabetzaren alde lanean aritzen diren Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eragile guztiekin partekatu nahi dugun hausnarketa. Europako eta Espainiako hauteskundeak baliatu beharko genituzke indarrak batzeko, borondateak batzeko, Europari eta Espainiako estatuari aurre egin ahal izateko autodeterminazio eskubidea ardatz izango lukeen gutxieneko programa bat adosteko. Mugarik gabe lan egingo dugu helburu horren bila; jakitun gara helburu horrek zailtasunak dituela, baina, aldi berean, ondo baino hobeto dakigu aliantza horiek indartsuago egiten gaituztela, gure herrietan ilusioa piztuko duela eta gure helburuak lortzeko (berdintasuna, askatasuna eta burujabetza nazionala) baliabide eta indar nahikoak eskaintzen dituela.

ZER EGIN EUSKAL HERRIAN

Izaera estrategikoa duten erronkez gainera, gure herrikideek egunero dituzten arazoei ere aurre egin behar diegu gure herrian.

Espainiako eta Europako hauteskundeei begira indarrak batzeko proposamenaz gainera, gure herrikideekin daukagun konpromisoari heltzeko ekimenak ere baditugu. Premiazkoenak hauek dira:

GIZARTEKO OLATUAK ETA ARABA, BIZKAI ETA GIPUZKOAKO AURREKONTUAK.

Duela gutxi Urkullu lehendakariak PPko buruzagiari galdetu zion ea zer aldatu den azken urtean, bere gobernuaren kontuak babesteko konpromisoa albo batera uzteko.

Gure ustean, herri honetan gauza batzuk aldatu egin dira.

Gizarte honetan aspaldian izan diren bi olatu handiren parte da EH Bildu (martxoaren 8ko mugimendu feminista eta pentsiodunena; hor daude, baita ere, erabakitzeko eskubidearen aldeko olatua eta preso, deportatu eta iheslariena). Mugimendu horiek guztiak ezbaian jarri dute “euskal oasia” delakoa. Bi olatu horiek argi adierazten dute herri honetako politika ekonomikoetan eta finantza eta aberastasunaren birbanaketarako politiketan aldaketa sakonak egiteko dagoen beharra.

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek aukera eskaintzen dute argi ikusteko gobernu horren agintariak zein jokalekutan jartzen diren: herri honetako gehiengo handien ondoan edo, horiei muzin eginda, eliteen ondoan. Beste modu batera esanda; aurrekontuak ezin dira eraiki pentsiodunen aldarrikapenei bizkarra emanda, alargunen eskaerei bizkarra emanda, gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakalari irtenbidea bilatu gabe, gazteentzat enplegu duina sortzera bideratutako diru-partidak jaso gabe, bideragarria den La Navalontziolari laguntzeko plangintzarik jaso gabe.

Hezur-haragizko pertsonei, egunero gurekin gurutzatzen diren bizilagunei bizkarra emanda eta haien nahiak mespretxatuz ezin da aurrekonturik egin.

EH Bildu erantzukizuna daukan indar politiko baliagarria da euskal langileen gehiengoarentzat. Babesgabe daudenen bizitza maila hobetzea da ezkerraren helburua. Horixe da gure egitekoa eta gure asmoa.

Era horretara, biharko Mahai Politikoan aurrekontuen eztabaidarako proposamen zehatza landuko dugu. Ez da izango aurrekontuak adosteko helburua izango duen eskaintza; aurrekontuek sektorerik babesgabeenen aldarrikapenak -modu ez osoan bada ere- jasotzen hasteko helburua duen eskaintza izango da, haien bizi baldintzak hobetzeko. Azken hilabete luzeetan herri honetako kaleak betetzen ari den gehiengo sozial hori da gure proposamenaren helburua.

​​​​BIRGAITZE DEMOKRATIKOA

Ebrotik behera klientelismoaren, entxufismoaren, ustelkeriaren edo alderdien legez kanpoko finantzazioren mailak eskandalagarriak izateak ez du esan nahi Euskal Herrian egon daitekeen edozein zantzurekin kezkatzen ez garenik.

Zenbait alderditara hurbiltzeak administrazio publikoan edo enpresa pribatuetan lanpostua bilatzeko erraztasunak eskaintzea normaltzat hartzen den Euskal Herrian ezin dugu bizitzen jarraitu. Ez dugu onartuko, eta zehaztasunez jakin nahi dugu ustelkeriaren izebergak zenbateko sakonera duen, oraingoz tontorra bakarrik ikusten dugulako.

Osakidetzako lan eskaintza publikoan gertatutakoa edota De Miguel auzian eta antzekoetan jazotakoak alarma gorria piztu du, eta aintzat hartu behar da. Berdintasunaren irizpidea hondatzen du klientelismoak eta horrek, azkenean, gure zerbitzu publikoetan ondorio kaltegarriak ditu.

Legez kanpoko jarrera antidemokratiko horiek salatzen zorrotz arituko da EH Bildu. Ustelkeriari aurre egiteko Behatokia sortzea proposatu dugu, Osakidetzako lan eskaintzaren auzia azaltzeko Darpon sailburuaren agerraldia eskatu dugu eta zintzotasunaren eta gardentasunaren ikurra altxatzen jarraituko dugu, gure erantzukizuna delako gizarte justuagoa, askeagoa, demokratikoagoa eta berdintasunean oinarritutakoa eraikitzea.

ALBO BATERA UTZI EZIN DIREN BESTE EGITEKOAK

Hemen agertu ez arren garrantzia handia duten beste egiteko batzuk aipatuz amaituko dut.

Nafarroan aldaketa egonkortzea; Autogobernu batzordean lortutako akordioa blindatzea eta egonkortzea; Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoako instituzionalizazioa bultzatzea eta garatzea; gure erakundearen kutsu herritarra eta mobilizatzailea areagotzea edota gure preso, iheslari eta deportatuak etxera ekarri arte lanean jarraitzea. Horiek guztiak albo batera utzi ezin ditugun egitekoak dira.

Horrezaz gainera, ikasturte honek hauteskunde erronka berriak ekarriko dizkigu. Horiei aurre egiteko prest gaude, Euskal Herriko gizon eta emakume onenekin. EH Bilduk gizarte honen ispilu izaten jarraituko du, eta dituen arazoei irtenbideak bilatuko dizkie, ekimenez eta erantzukizunez jokatuz.

Bidean jarraitzen dugu. Continuons le chemin. Seguimos caminando.

ARNALDO OTEGI, EHBILDUren koordinatzaile nagusia

Tags: , , ,

Category: Euskara, Uncategorized

About arnaldo: Arnaldo Otegi Mondragon 1958ko uztailaren 6an Elgoibarren (Gipuzkoa) jaiotako politikari abertzale eta marxista. Arnaldo Otegi Mondragon (Elgóibar, 6 de julio de 1958) es un político de ideología independentista vasca y marxista. Arnaldo Otegi Mondragón (born 6 July 1958) is a Basque politician and spokesman for the Abertzale Basque separatist party Batasuna. In October 2009 he was arrested again for attempting to put Batasuna back together. Arnaldo Otegi est un politique basque, militant indépendantiste basque. Il est le porte-parole de Batasuna. (6 juillet 1958 à Elgoibar). View author profile.

Leave a Reply




If you want a picture to show with your comment, go get a Gravatar.