Erregimenaren krisia eta hauteskundeak aurreratzea

| 2019/02/17 | Comments (2)

 

Hauteskundeak aurreratzeko Espainiako presidenteak egindako iragarpenak ez gaitu harritu EH Bildun. Aurrerapen hori gertatuko zela jakin bagenekien eta, orain ere, ez dugu kale egin.

Espainiako estatuak bizi duen Erregimen krisi larria kontuan izan gabe ezin da aztertu hauteskundeak aurreratzeko erabaki hori. Espainiako estatuak bizi duen Erregimen krisi larriak testuinguru historiko osoa baldintzatzen zuela aspalditik esaten ari ginen EH Bildutik.

Egiturazko krisi hori hainbat aldagairen baitakoa dela esaten aritu gara EH Bildutik azken urteotan:

Espainiako estatuaren ekonomiaren eta produkzio egituraren ahultasuna agerian utzi zituen finantza eta ekonomia krisiak. Espainiako estatuak ez dauka produkzio sistema eta ehun ekonomiko lehiakorrik. Espainiako estatuak ez dauka ekonomia bideragarririk. Epe labur-ertainerako iragartzen ari diren ekonomia eta finantza krisi berri bati aurre egiteko baliabiderik ez dauka Espainiako estatuak. Espainaiko estatuak ez dauka bideragarritasun ekonomikorik. Espainiako estatuaren egituraren barruan ez dago ikuspegi sozialetik aurreratua izango den gizarte garapenean sinesterik.

– Kataluniako Errepublika eraikitzeko prozesu demokratikoak edota Euskal Herrian burujabetzaren aldeko gehiengoak egoteak 78an diseinatu zuten lurralde eredua zartarazi du. Pertsuazio demokratikoari uko egin dio estatuak eta ez dauka eskaintza politikorik katalanen, euskaldunen, galiziarren eta kanariarren helburu nazionalen nahiei erantzun demokratikoa emateko. Aurreko asteartean, Kataluniako ordezkari independentisten aurka Gorenean hasi zen epaiketa da horren erakusle garbiena. Hau da, bideragarritasun ekonomikoaz gainera, lurralde krisiak eragindako ezegonkortasun politiko eta instituzionala ere badauka.

Testuinguru honetan hartu dute indarra Espainiako elite ekonomiko eta politikoen artean tesi atzerakoi eta autoritarioenek. Haiek dira kontraerreforma autoritarioa abian jartzea erabaki dutenak, Erregimenaren krisiari erantzuteko. Monarkia, Felipe VI.a, IBEX 35-a, kasta judiziala eta estatu-aparatuak daude bloke atzerakoei horren barruan. Bloke atzerakoi eta autoritario horren beso politikoa PPk, Ciudadanosek eta Voxek osatzen dute.

Hauxe kontraerreformaren programa politikoa: 155. artikulua modurik gogorrenean indarrean jartzea, eskumenak berreskuratzea eta birzentraliazioa, langileei eskubideak murriztea eta indar independentisten ilegalizazioa. Ezer berririk ez Espainiako eskuinaren historian. Hauxe da gainera datorkigunaren errealitatea. Era horretara, bloke horren batuketak larrialdi historiko baten aurrean jarriko luke gure herria.

Bloke atzerakoi horren aurrean dago PSOE; Espainiako estatua demokratizatzerik ez du nahi, baina nahita ere ezingo luke. Ez baitugu ahaztu behar Katalunian 155. artikulua indarrean jarri zuenetako bat izan zela PSOE. Autodeterminazio eskubidearen ukazioa edo gure herriaren burujabetza ez aitortzea, hori baino ez zaigu etorriko euskal herritarroi PSOEtik. Gure herriko langileen eskubideen defentsarako politika ekonomiko eta sozialik ez da etorriko PSOEtik.

Eskuin autoritarioa geratzeko eta gobernu berri baten politikak modu inteligentean baldintzatzeko alternatiba egon badagoela uste du EH Bilduk. Horretarako, beharrezkoa da estaturik gabeko nazioen arteko indarren batuketa eta sinkronizazio politikoa, Espainiako Kongresuan ezkerreko subiranisten indarra ahalik eta handiena izateko. Eskuin atzerakoia geratzeko eta Espainiako estatuak behar duen demokratizaziora urratsak emango dituen gobernuren jarduna baldintzatzeko berme bakarra subiranisten, errepublikazaleen eta aurrerakoien batuketa elektorala eta politikoa da.

ERCrekin, BNGrekin eta Kanariak Uharteetako, Asturiasko, Aragoiko alderdiekin Europako hauteskundeetarako hautagaitza bateratua osatzeko gai izan da EH Bildu. Batuketa ariketa bera egin beharko genuke Madrilgo Kongresuko eta Senatuko hauteskundeetarako. Eskuin autoritarioa geratzeko eta estatuaren demokratizazioa ekarriko lukeen elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa bultzatzeko.

Hauteskundeen testuinguruan indar errepublikazaleeu, aurrerakoiek eta subiranistek bat egitea eta gutxienekoen programa politiko komuna defenditzeko konpromisoa dira EH Bildurentzat autoritarismoa geratzeko eta gure herrietara egiazko demokrazia ekartzeko berme bakarra.

Autodeterminazio eskubidearen defentsa, presoak eta erbesteratuak etxera itzultzeko bide orria eta neoliberalismoari eta austerizidioari aurre egingo dioten politiken defentsarako konpromisoa izan beharko lirateke gutxieneko programa horren ardatzak. Berriro diogu: indarrak batzeko unea da, erabakigarriak eta eraginkorrak izateko unea da.

Neofaxismoa geratzea eta gure herrien burujabetzari atea irekitzea ekarriko duen bloke historikoa osatzeko aukera paregabea daukagu estaturik gabeko nazioek eta herriek. Lan egiteko, batzeko eta adosteko unea da; pazientziaz, inteligentziaz eta eskuzabaltasunez jokatzeko unea da. Aukera historiko baten aurrean gaude.

Horren ostean etorriko dira konbentzitzea, arrazoitzea, entzutea, irribarre egitea, botoa ematea eta, ondo eginez gero, irabaztea! Goazen aukerak baliatzera!

Tags:

Category: Euskara, Uncategorized

About arnaldo: Arnaldo Otegi Mondragon 1958ko uztailaren 6an Elgoibarren (Gipuzkoa) jaiotako politikari abertzale eta marxista. Arnaldo Otegi Mondragon (Elgóibar, 6 de julio de 1958) es un político de ideología independentista vasca y marxista. Arnaldo Otegi Mondragón (born 6 July 1958) is a Basque politician and spokesman for the Abertzale Basque separatist party Batasuna. In October 2009 he was arrested again for attempting to put Batasuna back together. Arnaldo Otegi est un politique basque, militant indépendantiste basque. Il est le porte-parole de Batasuna. (6 juillet 1958 à Elgoibar). View author profile.

Comments (2)

Trackback URL | Comments RSS Feed

  1. xabi strubell dit :

    Ilusioz jantzita dator zure mezu hau, eta ilusioa pizten du. Bidea hori da, duda izpirik gabe. Eta atzoko -Bartzelona- eta gaurko -Donostia- manifestazioak bide horretan urrats sendoak dira. Beraz, sentsazio batzuk gehitu nahiko nituzke, zure idatziaren segidan.

    “NO PASARAN” izan zen atzo Bartzelonan oihukatutako lelorik sendoena. “Ez dira pasako!” izan daiteke, nire uste apalean, denon artean abiatu dugun bide honen lelo-nagusia. Eta marka elektorala!

    Izan ere, Ramon Tremosa-k Twitter-en berriki idatzi duen bezela,
    bozka eta diputatu gutxi batzugatik dena pikutara joan daiteke. “Dena ala ezer ez” garaia dugu beraz, eta “zenbat eta okerrago, are eta hobeto” estrategia alde batera uzteko garaia.

    Zenbat eta okerrago, beti okerrago izango baita. VOX boterean instalatzearen prezioa ezin baitugu ondo neurtu, oraingoz. Emakumeentzat, langileentzat, etorkinentzat, eta gu denontzat, Frankismoaren susperraldia bailitzateke.

    Azkenik, amets bat zurekin konpartitu nahiko nuke: NO PASARAN marka elektorala estatu espainiar guztian martxan ikustea. Euskal Herrian, Paisos Catalans-en, Galiza-n, Gaztela-n, Andaluzian… Denok bat, bozka bat bera ere gal ez dadin.

    Izan ere, alderdi politikoak, sindikatuak, herri mugimenduak, -ibairik ibai,
    adarrik adar-, tresna hutsak dira, gure ideiak defendatzeko. Gure errepublikak eskuratzeko. Ez ote da ba garaia “antolakundearen arropa” horiek guztiak alde batera utzi eta zuk aipatutako Gutxieneko Programa horri bizia emateko?

    Eta galdera bat, bukatzeko: NOLA antolatu beharko litzateke Herritarren Asanblada ireki hori -probintziaz-probintzia, eta nazioz-nazio-, estatu espainiar osoan bozka bat bera ere gal ez dadin? Alegia, Iberia osoko
    herritarrek izan zezaten nori bozkatu, demokrazia eta errepubliken alde?

  2. […] * Erregimenaren krisia eta hauteskundeak aurreratzea Arnaldo Otegi. Free Them All […]

Leave a Reply




If you want a picture to show with your comment, go get a Gravatar.