347.000

| 2019/05/31 | Comments (0)


Udal eta foru hauteskundeak egin zirenetik ordu batzuk joan direnean, balantzea ahalik eta objektiboena egitera behartuta gaude, lehen uneetako iritziak eta emozioak alde batera utzita. Autokonplazenziatik eta irakurketa partzialetatik aldendu eta neurri egokian neurtu behar ditugu emaitzak. Era horretara, esan dezakegu ezkerreko independentistok lortutako emaitzak historikoak izan direla. 

Euskal Herrian berdintasunean oinarritutako errepublika eraikitzeko estrategia herritarren borondate berriak etengabe gehitzean laburbiltzen da, logikoak diren gorabeherekin. Jakin badakigu indarren metaketa ez dela hauteskunde logikan bakarrik neurtu behar; hegemonia kulturala eraikitzea eta, modu sinbolikoan bada ere, gure baloreak gizarteko ahalik eta eremu gehinetan txertatzea erabat beharrezkoa da. Bi arloetan aurrera egiten ari garela iruditzen zaigu. 

Une historiko jakin baten herritarren aldetik dugun babesa neurtzeko termometroa da EH Bildurentzat hauteskundeen erronka. Guri herriak neurtzen digulako eta herriak berak ematen digulako unean-unean izan behar dugun posizio politikoa. Euskal herritarrek hitz egin dute eta garrantzitsua da zer esan diguten entzutea. 

Ilusioa, konfidantza eta ahalegin militantea ageri-agerikoak izan diren kanpaina honetan, azaldu ahal izan dugu euskal jendartean gure baloreek aurrera egiten dutela ikusten ari ginela. Gure aukera politikoak ordezkatzen duenaren antz handia dauka euskal jendarteak: feminista da, ekologista, errepublika zalea, soberanista, aberastasuna modu justu eta ekitatiboan banatzearen aldekoa; horiek dira gure gizartean “zentzuzkoak” bezala hartzen diren baloreak. Elkarbizitzaren eta aurreko ziklo historikotik eratorritako arazoak (alde guztietako biktimak, oraindik ere giza eskubideen urraketa pairatzen duten presoak, errefuxiatuak eta deportatuak) konponbidearen aldekoak ere badira euskal herritarrak. Alternatiba politikoa garen heinean, defendatzen ditugun baloreen gero eta antz handiagoa dauka Euskal Herriak. 

Bigarren trantsizio modernizatzailea eta sortzailea proposatzeko aukera ere izan dugu kanpaina honetan. Gure herria Europako joera progesistenekin eta aurreratuenekin konektatzea izango litzateke horren helburua. Herri bezala ditugun erronkei erantzunak bilatu behar dizkiogu: aldaketa klimatikoa eta beharrezkoa den trantsizio ekologikoa; pentsio sistema propioa; gure hezkuntza eredua; eredu sozial eta ekonomiko aurreratua, sortzen den aberastasuna modu justu eta ekitatiboan banatzen dela bermatzen duena; gure industria ehunaren berrikuntza; zaintza bermatuko duen beharrezko sare publikoa; genero berdintasuna; arazo demografikoa eta gure burujabetza berreskuratzea. Erronka handi horiek hor daude, eta duela 60 urte izan genuen iraultza sortzailearen (kultur mugimendua, ikastolen sorrera, kooperatibak…) bigarren aroa behar dugu, horiei guztiei aurre egin ahal izateko. 

EH Bilduren erantzukizun historikoa da herri hau bere bizkar gainean jartzea, emantzipazioaren eta demokraziaren alde aritzen diren sektore politikoekin, sozialekin eta sindikalekin batera. Gure herriaren bigarren moderniazio handirako proposatzen dugun berdintasunean oinarritutako euskal errepublika eraikitzeko bidean, asebetetze, konfidantza eta segurtasun prozesua abian jarri beharra dago. 

Laburbilduz, hauxe izan da Hego Euskal Herriko txoko guztietara eraman dugun mezua. Herritarrek mezu argi batekin erantzun digute. 347.000 botorekin, ezkerreko mugimendu independentistak inoiz izan dituen emaitzarik onenak eskuratu ditu. 2011. urtean erditetsitako hauteskunde arrakastan baino boto gehiago eskuratu ditugu; baina bada alde handi bat: garai hartan ez zegoen Podemos eta derrigorrean hartu behar dugu kontuan ETAk borroka armatua alde batera utzi izana saritu zuela euskal gizarteak. Jaso dugun boto bakoitza ordezkatzen dugun proiektu politikoari modu zuzenean 

emandako babesa da, eta hori zuhurtziaz eta inteligentziaz kudeatu beharra daukagu, boto horiek bakarrik gureak direla sinetsi gabe. Gaur dugun hautes babesa orduan izan genuena baino garrantzitsuagoa eta sendoagoa da. Euskal Errepublika eraikitzeko zereginan, gaur orduan baino herritar gehiago ditugu ondoan. Datua argigarria da: EH Bilduk erraz gainditzen du 300.000 botoen langa, eta 400.000 botora presa eta atseden gabe iristeko lanean jarraitzen du. Horixe da dugun egitea: batzen jarraitu, gero eta gehiago izan. 

Gainera, Hego Euskal Herriko lehen indar munizipalista gara, 1.247 zinegotzirekin. Herritarrengandik hurbilen dauden instituzioak kudeatzen ditugunean, herritarrek EH Bilduren kudeaketa eredu zintzoa, serioa eta gardena saritzen du. Gure hautetsiek eta gure militanteek ordezkatzen dute eredu hori eta balore horiek. 

Lortu ditugun emaitza ikusgarriak ez dira nahikoa izan Nafarroan aldaketa blindatzeko edota Gipuzkoan eta Gasteizen irabazteko. Horrenbestez, kuantitatiboki erdietsitakoa ez da nahikoa izan lorpen kualitatibo batzuk lortzeko. Kanpaina zehar esan dut bizitzan batzuetan irabazi egiten dela eta beste batzuetan ikasi. Hala ere, irabazten denean ere ikasi egin behar da. 

Nafarroan aldaketari egindako ekarpena ikaragarria izan da, eta horregatik hainbeste pertsonek EH Bildurengan konfidantza izan dute, berau bermatzeko. Beste indar politiko batzuk ez dute asmatu, eta arriskuan jarri dute hainbeste aurrerapen sozial eta politiko ekarri dituen gehiengo hauskorra. Berregokitzeko unea da. Kontuan izan behar da 19 parlamentari daudela kapital politiko hori eta bere ondarea defendatzeko. 

Ez dugu lortu Gipuzkoan eta Gasteizen lehen indarra izatea, lortu ditugun emaitzak bikainak izan diren arren. Beldurraren botoa piztea lortu du bloke atzerakoiak, eta begibistakoa da EAJk boto uninosta jaso duela. Esan genuen hauteskunde kanpainan zehar: zilegia da norberaren hautes-esparrua bide horretatik zabaltzea, baina hori ez da bateragarria herri honentzat herri-proiektu soberanista bat edukitzearekin. 

Jarrai dezagun zintzoak eta eskuzabalak izaten udal kudeaketan; jarrai dezagun umilak izaten; eta jarrai dezagun etorkizunari itxaropenez eta konfidantza handiarekin begiratzen. Independentzia zaleena goraka datorren indar politikoa da Euskal Herrian, eta hori albiste bikaina da. Lanera. Gehiago gara eta lanean jarraitzen dugu. Oraindik eta gehiago izango gara eta hori da Euskal Errepublika eraikitzeko berme bakarra. Bide onetik goaz, ez da erraza izango, kontraesanez eta oztopoz betetako bidea izango da, baina horrek indarrak, lana eta ahalegina biderkatzera eraman behar gaitu. Lanean eta hazten jarraitu beharra dago, ilusioa sortzen jarraitu beharra dago, gure herriari konfidantza eta segurtasuna ematen jarraitu beharra dago.

Tags: , , ,

Category: Euskara, Uncategorized

About arnaldo: Arnaldo Otegi Mondragon 1958ko uztailaren 6an Elgoibarren (Gipuzkoa) jaiotako politikari abertzale eta marxista. Arnaldo Otegi Mondragon (Elgóibar, 6 de julio de 1958) es un político de ideología independentista vasca y marxista. Arnaldo Otegi Mondragón (born 6 July 1958) is a Basque politician and spokesman for the Abertzale Basque separatist party Batasuna. In October 2009 he was arrested again for attempting to put Batasuna back together. Arnaldo Otegi est un politique basque, militant indépendantiste basque. Il est le porte-parole de Batasuna. (6 juillet 1958 à Elgoibar). View author profile.

Leave a Reply




If you want a picture to show with your comment, go get a Gravatar.