PROCES-AREN EPAIA: BOTOA EMATEAREN PREZIOA

| 2019/10/16 | Comments (0)

Espainiako Estatua oraindik eta auturitarioagoa den gobernantza eredura doala aspalditik ari gara esaten. Bizi duen egiturazko krisiari aurre egiteko, Estatuak Kontrarreforma Autoritarioa abian jarri duela ari gara esaten urteetan EH Bildutik. Felipe Borboikoak Kataluniako urriaren 1aren ostean egindako diskurtsoarekin, hain justu, jarri zuten abian Kontraerreforma hori.

Helburu argia dauka Kontraerreformak: 78ko Erregimena salbatzea eta bere hiru arau nagusiak ezbaian jar ditzakeen edozein irekiera demokratikok bidea egitea saihestea. Hau da, “Espainia”-aren batasun haustezina, Espainiako elite ekonomikoen interesen eta pribilejioen defentsa eta Francoren Erregimenari eutsi zioten sektoreen inpunitatea babesteko errelato historikoa nagusi izatea bermatzea ezin dira inolaz ere ezbaian jarri.

Kontraerreforma Autoritario hori gauzatu ahal izateko, operazio juridiko-politikoa abiatu zuen Estatuak. Era horretara, helburu “antiterrorista” zeukaten egitura judizial, mediatiko eta errepresibo guztiak birmoldatu zituzten, bide baketsuak eta demokratikoak erabiliz gure herrien burujabetza berreskuratzeko lanean ari garen herri mugimenduen aurka erabiltzeko.

Aurrerago findu zuten estrategia, bestelako elementuak erabilita: guda ekonomikoa (lurraldea uzteko Kataluniako enpresei presioa eginez eta, bide batez, bestelako eremuei ere, Euskal Herria kasu, abisua emanez), errepresioa eta polizia basakeria eta Konstituziotik ordura arteko joko-arau guztiak aldatzen zituen 155. artikulua. 

Mehatxu bezala erabiltzen den 155. artikuluak (geratzeko heldu da, eta ez soilik Katalunian erabiltzeko, autodeterminazio eskubidea defendatzen dugun guztion aurka erabiliko baitute) Trantsizio garaiko “sable hotsa” ordezkatzen du. Ez gaitezen despistatu, hori da honen benetako neurria.

Ezagutu berri dugun epaiak Kontrarreformaren zirkulua ixten du: bide penala. Orain badakigu zer gertatuko den gure herriek erabaki ahal izateko hautestontziak jartzea erabakitzen badugu. Guda ekonomikoa, errepresioa, gure instituzioak bertan behera uztea eta kartzela zigor luzeak izango dira emango duten erantzunaren oinarriak. Hauxe da zenbait hedabidek eta buruzagi politikok lotsagorritu gabe oraindik ere Zuzenbide Estatua deitzen duten Espainiako Estatuak eskaintzen duen alternatiba.

Gure herrietako eta Espainiako Estatuko langileek batez ere pairatu beharko duten atzeraldi ekonomikoak izango dituen ondorioak gaineratzen badizkiogu egoera honi, koktel inboluzionista osoa daukagu.

Zer egin egoera honen aurrean?

Lehenengo eta behin, parean daukagun testuinguru politikoaren eta bere izaeraren larritasuna aintzat hartu beharra dago. Gure analisiak herritarrei helarazi behar dizkiegu adabakirik jarri gabe eta inor engainatu gabe. Gure herriei egia esan behar zaie eta egoera honek dituen arriskuak eta eskaintzen dituen aukerak ondo barneratu behar ditugu guztiok.

Erantzukizunez eta indarrak elkar hartuta jokatu beharra dago, Euskal Herriko gehiengo sozialak eta herritarrak batuko dituen gutxieneko programa baten baitan. Autodeterminazio eskubidearen defentsa, anti-autoritarismoa, presoak aske uzteko aldarrikapena eta gehiengo herritarren zerbitzura egongo diren politika ekonomikoak eta sozialak ezinbestekoak dira testuinguru honetan. Sektarismoak eta umekeria politikoak ezin dute lekurik izan gutxieneko programa horren defentsan.

Kataluniarekin agendak sinkronizatu beharra dago, indarrak elkartu (bakoitzak bere erritmoan), elkarrekin gehiago eta indartsuagoak garelako. ERCrekin eta gainontzeko indar subiranistekin daukagun aliantza indartu beharra dago. Inboluzio eskenatoki honi elkarrekin egin behar diogu aurre, gutxieneko programa baten defentsan oinarrituta.

Eta nola ez, ezinbestekoa den kale mobilizaziora (larunbat honetan izango dugu lehen aukera Donostian, Gure Esku Dagok deitutako manifestazioarekin) eta hauteskundeetako mobilizaziora deitu beharra dago. Azaroaren 10ean jarriko diren hautes-ontzietan milioika boto-paper sartu behar du sibiranismoak, independentismoak eta ezkerreko sektore autodeterminista guztiek, gure herriak eta bere burujabetza eta herri guztien burujabetza berreskuratzeko borrokek ahotsa izan dezaten.

Ez dugu huts egingo, balio ziurra gara eta emandako hitza betetzen dugu.

Category: Uncategorized

About arnaldo: Arnaldo Otegi Mondragon 1958ko uztailaren 6an Elgoibarren (Gipuzkoa) jaiotako politikari abertzale eta marxista. Arnaldo Otegi Mondragon (Elgóibar, 6 de julio de 1958) es un político de ideología independentista vasca y marxista. Arnaldo Otegi Mondragón (born 6 July 1958) is a Basque politician and spokesman for the Abertzale Basque separatist party Batasuna. In October 2009 he was arrested again for attempting to put Batasuna back together. Arnaldo Otegi est un politique basque, militant indépendantiste basque. Il est le porte-parole de Batasuna. (6 juillet 1958 à Elgoibar). View author profile.

Leave a Reply




If you want a picture to show with your comment, go get a Gravatar.