PULTSU ZAHARRAK ETA ZIKLO BERRIAK

| 2020/01/11 | Comments (0)

Ezkerreko euskal independentismoak aspalditik mahai gainean jartzen duen egiaztapena azpimarratzen ari da EH Bildu: Espainiako Estatua eta bere Erregimena egiturazko krisi sakon baten murgilduta daude. Sektore frankistek eta oposizioak 70ekohamarkadaren amaieran adostu zuten trantsizioaren diseinuan dago horren jatorria.

Frankismoa eutsi zuten sektoreen eta horri aurre egin zion oposizio politikoaren arteko akordio politikoa da Trantsizioa. Julio Anguitak esaldi batean laburbiltzen duen bezala, “ez zen Trantsiziorik egon, transakzioa egon zen”.

Diseinu politiko eta juridiko hori egiturazko krisi larri baten murgilduta dago; krisi hori areagotzen dute krisi ekonomiko-finantzieroak edota Katalunian Errepublika erdiesteko egiten ari diren lana. Eta gaur, Estatuko jardun politikoaren erdigunea, eztabaida politikoaren erdigunea, egiturazko krisi horren aurrean egiten diren interpretazioetan eta proposatzen diren irtenbideetan dago.

Historiari begirada xume bat emanda, berehala ikusten da Espainiako elite oligarikokoek erreakzio “naturala” izan dutela denboran zehar Erregimenak izan dituen egiturazko krisietatik irteteko: irtenbide autoritarioa eta errepresioa. Baina ez konponbide bezala, baizik eta nola edo ahala denbora irabazteko eta arazoak kronifikatzeko.

Inertzia horren parean (40 urtez Diktadura Frankista 40 urtez eutsi zuena), akordio “gatopardista” egin zuten 1978. urtean. Erregimena erreformatzea zen bere helburua, frankismoarekin hausturarik egin gabe.

Gaur egun bizi dugun Erregimenaren krisiaren aurrean, logika politikoak eta esperientzia politikoak pentsa arazten zigun hauteskundeen ondoren estatu ituna egongo zela Trantsizioaren eredua adostu eta urteotan eutsi dutenen artean. Logikak pentsa arazten zigun PSOEk eta PPk (Ciudadanos desagertu ondoren) gobernantza eredua adostuko zutela modu batean edo bestean, Estatuak bizi duen lurraldetasun krisi larri eta sakonari eta ia ziur etorriko den krisi ekonomiko-finantzieroari aurre egiteko.

Hala ere, PSOEk eta Podemosek osatu duten koalizio gobernuak parentesi bat ireki du, gure aurreikuspenetan inondik inora agertzen ez zena. Estatu logikak, berriro diot, bestelako formulak egongo zirela pentsa arazten zigun, hala nola, koalizio handia edo eskuinaren eta PSOEren arteko estatu ituna (hain justu, hori eskatu dute Elizak, CEOEk, banketxe handiek edota PSOEko ‘baroi’ batzuk).

Estatu logikaren “kontra” gobernu hau zergatik osatu den ez da gaurko analisiaren helburua, baina egia zalantzaezina da gobernua osatu dela eta EH Bilduk gobernu horren osaketan lagundu duela.

Zuzenean edo diferituan inbestidurarako plenoak jarraitu dituen edonork egiaztatu ahal izan du Erregimenaren inguruan egiten dugun analisia zuzena dela, eta Erregimenaren krisitik irteteko proposatzen duten kontraerreforma hor dagoela.

Inbestidura plenoetan ikusi da hiru bloke daudela:

​- Kontrarreforma (Erregerearen eta urriaren 3ko bere diskurtsoaren defentsa sutsua eginda). Ahots bakarrarekin hitz egin zuen Vox, PP eta Ciudadanos alderdietako bozeramaileen eskutik. Bere programa oso modu esplizituan agertu zen: 155, alderdi independentisten ilegalizazioa, emakumeei eta langileei eskubide murrizketak, misoginia, homofobia… Laburbilduz, turkiar erako eredu autoritarioa ezartzea.

​- Frankismotik datorren Erregimenarekin haustea bilatzen duen “agenda demokratizatzailea”. Llotja de Mar-en Estatuko subiranistek izenpetutako adierazpenan argi azaltzen da bere gutxieneko programa: nazio aniztasunaren eta autodeterminazioaren defentsa eta Estatuko herrien eta langileen interesen aldarrikapena.

– PSOEk eta Podemosek eta osatu duten koalizio gobernuak hartzen duten tartean dagoen espazioa, galderez betetakoa eta etsai boteretsuak dituena. Konplexu eta muga dezente izan ditzake espazio horrek, eta horrek ezinezko egin dezake bizi dugun une historikoak eskatzen duen izaera herrikoia, antioligarkikoa eta sakonki demokratikoa izan behar duen programa aurrera ateratzea eta praktikan jartzea.

Legealdi honek zein ibilbide hartuko duen hiru pultso edo eztabaidak zehaztuko dute:

​- Konstituzioak ezartzen dituen mugen inguruko eztabaida alde batetik, eta Estatuaren nazio aniztasuna eta Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako nazioei, besteak beste, onartu behar zaien erabakitzeko eskubidea, bestetik.

​- Finantza krisiaren aitzakian egindako murrizketa sozial guztiekin amaitu behar dela eta murrizketa horiek oraindik eta handiagoak izan behar direla defendatzen dutenen arteko eztabaida eta pultsu politiko eta soziala.

​- Gure herrian behingoz elkarbizitza eta bakea egonkortzeko eta ziklo bat ixteko eztabaida eta pultsu politikoa. Horrek derrigorrean eskatzen du espetxe politika berrikustea eta gure herrian gatazkaren ondorioekin behin betirako ixteko bide orria adostea.

​- Elkarbizitza demokrazian oinarrituta eraiki nahi dugunon eta umiliazioan eta mendekuan oinarrituta egin nahi dutenen arteko pultsu politikoa.

Hiru proposamen izango dira lehian: kontraerreforma, subiranistok gidatzen dugun espazio demokratizatzailea eta koalizio gobernuaren inguruan artikulatzen den esparrua.

Egoera honetan, bi esparru handitan eragingo du EH Bilduk:

​- Espainiako Estatuari dagokionez, erabakigarriak izan gara, koalizio gobernua osatu ahal izateko. Jarrera arduratsu horrekin aukera leiho bat baino ez dugu ireki: Gobernua proposatzen dugun demokratizazio bidean jartzeko eta estatu itunak edo aldaketa kosmetikoak egiteko egon daitekeen edozein tentalditik urruntzeko. Hori da ireki den aukera; atea irekitzea baino ez dugu egin. Behin atea zeharkatuta, demokratizazioaren bidean sakondu beharra dago.

– Jakitun gara Gobernuak egiturazko mugak dituela. Izan dezakeen borondateaz eta arazo nazionalei zein sozialei konponbide demokratikoak bilatzeko jokatzeko izan dezakeen aukerez eszeptikoak izatera behartzen gaitu honek.

Euskal agenda nazionalak eta sozialak aurrera egitea izango da gure zeregina. Proposamenak aurkeztuta, lan instituzionala eginda eta masa mobilizazioaren bitartez gauzatuko dugu zeregin hori. Presoen eskubideen alde atzo egindako manifestazioa, urtarrilaren 30eko greba orokorrean parte hartzea edota Kataluniako subiranistekin adostuta daukagun gutxieneko programa egingo dugun lanak zein izaera izango duen erakusten du. Azken baten, testuinguru politikoa euskal interesen alde jartzeko ahalegina egingo dugu.

Estatuko subiranistekin akordio eta elkarlan estrategikoaren dinamikari eutsiko dio EH Bilduk, demokraziaren eta kontraerreformaren artean zabaldutako pultsu honetan.

Esparru nazionalari dagokionez, EH Bilduk honela eragingo du:

Euskal marko nazionalean agenda soziala egonkortzeko lanean jarraituko du. Euskal herritarren eskubideak eta askatasunak bermatzeko euskal marko nazionala da lan eremua, eta Espainiako Estatuko markoarekin izan daitekeen lehian, euskal markoa gailentzeko lan egingo dugu. Ezin baitugu ahaztu Estatuan ireki den parentesiak ez dituela gure eskubideak bermatuko modu egonkorrean; aukera duenean, kontraerreformak bultzatutako hauteskunde gehiengoak hankaz gora jarriko du hori guztia. Euskal Errepublika da gure eskubideak eta askatasunak bermatzen dituen bakarra.

Gure herria modernizatzeko eta parean ditugun erronkei aurre egiteko alternatiba eraikitzen jarraituko du EH Bilduk. Zentzu ekonomikoan, sozialean, politikoetan eta kulturalean mundu mailan lanean ari diren korrente berritzaileekin gure herria konektatuko duen dinamika berria bultzatzeko ahalegina egingo dugu.

Herri honetako gobernantzak gure herriaren gehiengoak defendatzen dituen balioekin bat egiteko lanean jarraituko du EH Bilduk: gure herriaren izaera sozial eta komunitarioa definitzen duen berdintasunean oinarritutako gehiengo feminista, ekologista, subiranistarekin lotutako modernazio programa baten zerbitzura egin behar da gure herriko gobernantza.

Tags:

Category: Euskara

Leave a Reply




If you want a picture to show with your comment, go get a Gravatar.