EUSKAL HERRIAN ALTERNATIBAK ERAIKITZEN

| 2020/02/29 | Comments (0)

Imajina dezagun une batez zer pentsatuko zuketen gure solaskideek, bai nazioarteko bitartekariek, bai gure oinarriek Euskal Herriko herri eta auzoetan, ezker abertzalearen estrategia-aldaketa eztabaidatzen ari ginenean hipotesi gisa ere planteatu izan bagenu, proposatzen ari ginen norabide berria hartuz gero eta gauzak zentzuz eginez gero, hamar urte pasa aurretik Gemma Zabaleta, Javier Madrazo, Manuel Diaz de Rabago eta Daniel Arranzek EH Bildurengana jo eta berau erreferentzia gisa hartuko luketela “etorkizuneko euskal ezkerra” eraikitzeari begira. Ziurrenik zorotzat joko gintuzten. 

Izan ere, gauzak zentzuz eta ondo egiteak, orduan eta orain, ikuspegi emantzipatzaile eta eraldatzailearekin lan egitea esan nahi du, gure herriko langileriari hitz eginez eta entzunez, gure proiektu emantzipatzaileari gero eta sektore gehiago gehituz. Gure konpromisoak betetzea esan nahi du, gainerakoen zain egon gabe. Zintzoak izan eta euskal jendarteak eskatzen eta behar duena entzutea esan nahi du. Politika kontserbadoreen aurrean alternatiba eraikitzea eta indar erreakzionarioei aurre egitea esan nahi du, apalak, koherenteak eta zintzoak izatea, neurria emanez Euskal Herrian bizi eta lan egiten duen jendearen interesak lehenesteko, eta ez gure interes pertsonalak edota alderdikoiak. Azken batean, herri honetako alternatiba subiranista eta ezkertiarra eraikitzeko, eta halaxe bilakatzeko, tresna izatea esan nahi du. 

EH Bilduren hazkundeak erakutsi du estrategia horrek borondateak batzen dituela. Sinesgarritasuna dugula. Eta beste tradizio politiko batzuetatik datorren jende zintzoak konfiantza duela gugan herri hau onerako aldatzeko; beste alderdi batzuetako militanteak izan dira, baina ikusi dute indar horiek behin eta berriz euren printzipioei uko egin dietela, programa politikoak desitxuratu arte. Lehenik eta behin, jarrera eraikitzaile hori eskertu nahi dugu, jakin badakigulako ez dela erraza. Halaber, pertsona horiei eta euren gutun publikoan haien burua islatuta ikusi dutenei adierazi nahi diegu mezua jaso dugula eta lanean jarraituko dugula ezkerreko alternatiba demokratiko hori eraikitzeko, Euskal Herria herri burujabe eta berdinzale bilakatze aldera. 

Duela hamarkada bat ere ez genuen imajinatzen Donostian eta Iruñean gobernatuko genuenik eta Nafarroan, Uxue Barkos lehendakariarekin, aldaketa politikoa lortuko genuenik, ez eta ondorengo gobernu berriaren eraketan erabakigarriak izango ginenik ere, oraingoan Maria Chivite lehendakaria dela, Nafarroako eskuinaren nagusitasuna atzean utzita. Eta ezinezkoa zen, baita ere, aurreikustea Frantziako Estatuak independentisten aurka darabiltzan politika errepresiboek halako arbuioa eragingo zutenik Ipar Euskal Herriko hautetsi errepublikanoen artean. Inork ez zuen pentsatzen euskal eta kataluniar independentistok ERC eta EH Bilduren arteko itunean adierazitakoa bezalako aliantza estrategiko bat izango genuenik, gero Llotja de Mar-eko Adierazpenean modu zabalagoan jaso dena. Inork ez zukeen aurreikusiko erabakigarriak izango ginatekeela koalizio-gobernu bati “aukera-leiho” bat irekitzeko orduan; gobernu horri, zeharo eszeptikoak izateko arrazoiak edukita ere, bide eman diogu gure susmo horiek gezurtatzeko gauza izan dadin, ekintzekin froga dezan konponbide integralak bideratzeko gai dela murrizketa sozialak bertan behera uzteko, nazio-aniztasuna eta erabakitzeko eskubidea defendatzeko eta espetxe politika salbuespenezko politiketatik behin betiko aldentzeko. 

Aurrerapen eta aukera berri horiek ez ziren posible izango EH Bildu indarrak elkartu, batu eta gure herriarekin konpromisoa hartzeko gune gisa eratzearen aldeko apustua egin genuen guztion ekarpen indibidual eta kolektiborik gabe. Gaur EH Bildu errealitate kohesionatua eta erabakigarria da berau osatzen dugun alderdi guztion eskuzabaltasunari eta konpromisoari esker, bai eta militante askoren ekarpen kualifikatuari esker ere, proiektu emantzipatzaile honi egunero-egunero onena ematen baitiote. Izan ere, komeni da inoiz ez ahaztea, EH Bilduren osaketa bera izan zen lehen elkartze handia. 

Duela hamar urte bezala, orain hartzen ditugun erabakien mende egongo dira ziklo berri honetarako ireki ditzakegun aukerak. EH Bilduk subjektu politiko bihurtzera joko du datozen erronka handiei aurre egiteko: digitalizazioa, trantsizio energetikoa, genero-desberdintasuna, zaintzak, aberastasunaren banaketa zuzena… Horretarako, lehentasunezkotzat hartu behar ditu indarrak batzeko ikuspegia eta printzipio eta helburu politikoei uko ez egitea. 

Izan ere, gure iritziz, sinatzaileek aipatzen duten eta guk hiru uko handietan laburbiltzen dugun “anomalia demokratiko” horrek azaltzen du egungo koiuntura. Lehenik eta behin, EAJk proiektu nazional handinahi bati uko egin dio, EH Bildurekin herri mailako akordioak egiteari uko egin diolako eta bere proiektua, Franco hil eta 45 urtera, legezkotasun konstituzionalaren barruko estatutu-erreforma batera mugatu duelako. PSEk bere ezkerreko profil teorikoa alde batera utzi du eta euskal abertzaletasunaren “moderatzaile” gisa aritzera eta, buruzagi jeltzale batzuek diotenez, EAJren “bazkide merke eta fidela” izatera mugatzen da, eduki sozial aurreratuko jarrera politikoak defendatzeari uko eginda. Azkenik, Elkarrekin Podemos dago, ulertezinak diren barne-gatazkek jota eta etengabe nora ezean. Ez dugu ulertzen zergatik uko egin dion lurralde-eredu konfederal bat defendatzeari, En Comú Podemek ez bezala. Ez dugu ulertzen, alde horretatik, zergatik egin duen bat PSEren tesiekin estatus berriaren eztabaidan. Eta ez dugu ulertzen, ezta ere, zergatik agertu zen urtarrilaren 30eko greba orokorraren aurka, horren helburua jendearen bizitza hobetzeko premiazkoak diren aldarrikapenen alde borrokatzen diren sektore sozialak –langileak, pentsiodunak, emakumeak– ahalduntzea zenean. 

Baina uko egitean oinarritzen den eredu horrek ez du gehiagorako ematen; alternatiba eta lidergo berriak behar ditu. EH Bildu pentsamendu-esparru zabalago baterako bidea izan nahi duen proiektua da, eta borondate osoa du herri honetan hegemonikoa izango den proiektu nazional baten, eredu sozial baten eta gobernantza demokratikoko eredu baten alde borrokatzeko. Gauzak norabide horretan aldatzeko tresna izan nahi dugu. 

Gemma, Javier, Manuel eta Danielen hausnarketak agerian uzten du, eta proiektatzen du, EH Bilduren eremua garatzeko borondatea, eremu bat non independentismoak, subiranismoak, konfederalismoak edota planteamendu federalistek zoru komun bat izango duten, betiere oinarrituta euskal eskala nazionalaren bultzadan, kalitate handiko eta berdintasun sozialeko demokrazia bat eraikitzeko esparru gisa, nazioaren aitortzan eta erabakitzeko eskubidean, euskal jendartearen edozein hautu estrategikoren borondatea bideratzeko oinarri demokratiko gisa ulertuta. Abiapuntu horretatik gizarte eraldaketak egitura litezke, izaera aurrerakoi argia izango luketenak arlo ekonomikoan, soziolaboralean, hezkuntzan, osasunean, zaintza publikoen ereduan, feminismoan… Izan ere, burujabetzaren inguruko eztabaida grafikoki laburbiltzen da: nork erabakitzen du, zer erabakitzen du eta non erabakitzen du. Eta guk dena hemen erabakitzea proposatzen dugu, euskal nazio zaharrean bizi eta lan egiten dugunon artean. 

Gustuko dut EH Bildu eta politika berriz batzeko, eztabaidatzeko, ideiak kontrastatzeko eta alternatibak eraikitzeko esparru gisa hartzea. Pozten nau berriz ikusteak, zatitzeko eta kentzeko taula baino ikasi ez zuen ezkerratik harago, funtsezkoena biderkatzea eta gehitzea dela ulertzeko gai izan ginenok ere bagaudela. Artikulu hori sinatu dutenak batzeko ariketa bat egiten saiatzen ari dira, eta guk erantzuteko obligazioa dugu, arduraz eta neurria emanez. 

Batzuek berriro iraganera eraman nahi gaituzte; beste batzuek orainaldi gris batean, bizikleta estatikoan, hipotekatuta nahi gaituzte; euskal ezker independentista eta subiranistak, aldiz, bere baitan duen aniztasunetik, orainaldi ezberdin bat eta etorkizun alternatibo bat eraikitzeko eginkizuna du. Berdinen arteko Euskal Errepublika baten alde pentsatzen, lan egiten eta indarrak batzen jarraitzen dugu. 

Tags:

Category: Euskara

Leave a Reply




If you want a picture to show with your comment, go get a Gravatar.