Idatzia

aupa!

Gaurko egunean ARNALDO ASKATU herri-ekimenaren izena eta izana azaltzera gatozkizue.

Beste ezer baino lehen, argi utzi nahi genuke ekimen honetan parte hartzen dugun lagunok era pertsonalean agertzen garela, hau da, ez dugula inongo alderdi, elkarte edo instituziorik ordezkatzen.

Bi dira gure herrikidearen kaleratzea eskatzeko lanean jarri gaituzten arrazoiak:

– Alde batetik, ez da samurra etxeko bat espetxean izatea; are gutxiago funtsezko justifikaziorik gabe, itsukeriaren edo estrategia kalkulatuaren ondorio denean. Elgoibarko plaza handi honetatik gure elkartasuna, babesa eta besarkada adierazi eta eman nahi diegu Arnaldori eta haren etxeko Loli, Asentsio, Mari Juli, Hodei eta Garaziri. Une gogorrak pasatzen ari zarete, baina zuengandik hurbil gaude.

– Beste alde batetik, Elgoibartik haratago joanda, ezinbestekoa dugu azken bolada honetan Euskal Herrian gertatu diren aldaketa eta mugimenduei erreparatzea: Altsasuko eta Bruselasko adierazpenak, alderdi abertzaleen arteko harremanak eta abar. Egoera honetara iristeko premiazkoa izan da Arnaldoren lana eta etorkizunean eman beharreko pausoetan ere, gure ustez, funtsezkoa izango da haren aportazioa. Hauxe da, hain zuzen, Arnaldoren askatasuna eskatzeko bigarren arrazoia.

Ez gara inozoak eta badakigu ez dugula askatasun hori, gobernuaren

kalkulu politikoak medio, guk nahi bezain azkar lortuko, baina plaza honetatik askoz urrutiago joango ez den babesa izanda ere, ahal dugun apurtxoa egin nahi dugu bakearen alde. Elgoibartar guztiok gonbidatzen zaituztegu Arnaldo Askatu plataformak bideratuko dituen ekintzetan parte hartzera.

Azkenik, ez ditugu ahaztu nahi aurkezpen honetan, herriko beste presoak. Gure besarkada eta eskaera haientzat eta haien senideentzat ere.

ARNALDO ASKATU, POLITIKA ASKATU PLATAFORMA

 

Elgoibarren, 2010-05-15ean