8719600510

 

8719600510 da Arnaldo Otegi espetxeratuaren zenbakia. Espainiar neofaxismoak zenbaki horretara mugatu nahi du azken hamarkadetako politikorik argiena eta koherenteena. Ezin dugu horrelakorik onartu eta ez dugu,ez, onartuko.
Otegi eta haren burkideen bahiketa, estatuaren terrorismo ekintza da eta horrekin guk ere geure askatasunaren zati utziezin bat galdu eta gure adimenaren aurkako burla jasan dugu eta duintasunean zaurituak izan gara. Ez gara isilik geratuko.

Ezarri dutenak iraintzen dituen zenbaki horrekin bat egin dezagun. Eraman dezagun pin, pegatina, camiseta edo marrazki gisa; jar dezagun nonahi eta bihur dezagun garrasi isil. Ez Otegik beste atxilotu politikoek baino gehiago merezi edo behar duelako, haren kasuarekin gure demokrazia faltsu honen kontraesanak, gure erakundeen miseria eta gure agintarien zitalkeria testuinguru honetan nabarmenago geratu direlako baino. Haren epaiketa esperpentikoak kalitatezko lekuko bihurtzen du Otegi eta historiak ez ditu epaileak errugabe utziko.

Estatu Batuetako gobernuak bahitutako bostak (los cinco) bezala, Otegi ere kriminalizatu egin dute gogorkeriaren kontra borrokatzeagatik eta ankerkeria kapitalistaren aurkako proiektu bat aldeztearren. Bere garaian Nelson Mandela bezala kriminalizatu dute eta zigor luzea bizkarreratu, herri baten jazarpenaren eta haren nortasunaren ukazioaren aurka borroka egiteagatik. Duela 100 urte Dreyfus kasuak frantziar burgesiaren antisemitismo sakona nabarmen utzi zuen bezala, Otegiren kasuak ere hala utzi du espainiar nazionalismoaren biolentzia kezkagarria, frankismotik datorren kataluniar galiziar zein euskaldunenganako aurkakotasun irmoa, politika parlamentarioko sektore indartsuen eta komunikabide-sareen bermea jasotzen duena.

Dreyfus, Mandela eta Los cinco-ri bezala, Otegiri ere gertaerek ematen diote arrazoia, eta gertaerak irmoak dira, askatasunaren alde borrokatzen duten herriak bezain irmoak. Horregatik jaso du nazioartetik egunetik egunera goraka doan babesa eta horregatik ordainduko dute garesti bahitzaileek euren zitalkeria. Gure esku dago zor hori jasanezin bihur dakien. Lortuko dugu.

Nelson Mandelak Robben Island-eko espetxean HIES-aren aurkako borrokaren alde jarri zuen bere atxilotu-zenbakia: 46664. Guk ere jar dezakegu 8719600510, Otegiren zenbakia hain hilgarri eta kaltegarri den beste birus baten aurkako borrokaren zerbitzura: espainiar nazionalismoaren aurka. Hau zen Mandelaren kanpaina hartan erabili zuten leloa: “ HIESa ez da jada gaixotasun soil bat; giza eskubideak daude hor jokoan”. HIES hitzaren ordez espainolkeria jarrita, balio du guretzat ere.

Carlo Frabetti en Kaos en la Red

Spanish Version

English Version

Catalan Version